Gibson Guitar Corporation
Gibson Guitar Corporation | |
---|---|
Datuak | |
Izen ofiziala | Gibson Brands, Gibson Guitar Corporation, Gibson Mandolin-Guitar Manufacturing Company, Ltd. eta Gibson Mandolin-Guitar Company |
Mota | negozioa eta musical instrument manufacturing company (en) |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Jarduera | |
Eskumendekoak | |
Ekoizpena | |
Agintea | |
Egoitza nagusi | |
Egoitza nagusi | |
Legezko forma | Enpresa pribatu |
Zeren jabe | |
Historia | |
Sorrera | 1902 |
Sortzailea | |
Sorlekua | Kalamazoo |
Aurrekoak | Garrison Guitars (en) |
webgune ofiziala |
Gibson Brands Inc. (lehen Gibson Guitar Corp.) gitarrak fabrikatzen dituzten enpresen artean garrantzitsuenetarikoa da. Enpresa Orville Gibsonek (Chateaugay, Nueva York, 1856ko abuztuak 21 - Ogdensburg, 1918ko abuztuak 21) sortu zuen 1902an. 100 urteko ekoizle estatubatuar honek musikaren munduko iraultza gauzatu zuen, Fender Musical Instrument Corporation-ekin batera. Gibsonek berrikuntza garrantzitsuak gehitu zizkien bere gitarren diseinuei, merkatu honen lider bihurtuz.
Gibson Brands-en historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresa 1902. urtean hasi zen lanean. Orville Gibsonek “The gibson Mandolin-Guitar Mfg. Co. Ltd” izenarekin sortu zuen. Gibson zurgintza eta musika gustuko zituen zapatari bat zen. Nahiz eta enpresa XX. mendearen hasieran sortu, ordurako Gibsonek diseinu batzuk garatuta zeuzkan, eta haietako batzuk eskuz fabrikatuak ere. Hasieran, enpresak soilik Orville Gibsonek egindako jatorrizko diseinuak ekoizten zituen, haien artean gitarrak, banjoak eta mandolinak. Hala ere, 1918. urtean, Orville hil zenean, enpresak Lloyd Loar diseinatzailea kontratatzea erabaki zuen, diseinu berriak sortzeko.
Lloyd Loar lan-taldean egoteak enpresaren salmenten igoera eragin zuen, adibidez, L-5 gitarra akustikoaren diseinuari esker (1922). 1935. urtean, benetako musika-iraultza eman zen. Urte horretako udaberrian, Gibson enpresak, Alvino Rey musikariaren eta ingeniari batzuen laguntzarekin, pickup edo pastilla baten prototipoa garatu zuen, eta gitarra batzuetan mikrofono bat gehitu zuen. Modu honetan lehenengo gitarra elektrikoak agertu ziren merkatuan.
Bigarren Mundu Gerraren hasierak instrumentuen fabrikazioa geldiarazi zuen, egur eta metal eskasia zela eta. Hala eta guztiz ere, 50eko hamarkadaren hasieran Gibsonek izugarrizko jauzia eman zuen “Les Paul” modeloaren agerpenarekin.
30. hamarkadaren hasieratik, Lester William Polfusek gorputz sendoko gitarra baten kontzeptua lantzen zegoen. Lester diseinatzaile eta musikari estatubatuarra zen, “Les Paul” izenagatik ezaguna. Ikerketa-urte askoren ostean, eta behin ideia garatuta egonda, bere lan gogorrak saria jaso zuen. Hala ere, ideia berritzaile hori ez zen onartu hasiera batean. 1945. urtean, Les Paulek Gibson enpresaren zuzendariei bere ideia aurkeztu zien, eta azken hauek atzera bota zuten. Izan ere, zuzendariak beldur ziren ideia berri hori musikaren munduarekin ez zela bat etorriko, eta errefusatu zuten.
1950. urtean, dena aldatu zen Fender enpresak gorputz sendoa zeukan lehenengo gitarra elektrikoa merkaturatu zuenean. Ideia musika munduan onartu zenez, Gibsonek Les Paulekin elkarlanean hasi zen, eta azken honek bere ideiak enpresan garatzeko baimena lortu zuen. Les Paulek berrogeita hamar prototipo baino gehiago bozetatu eta garatu zituen. Azkenean, Les Paulek bere gustuko diseinu bat garatu zuen, eta 1952. urtean, diseinatzailearen izena zeukan gitarra-modelo horren produkzioa hasi zen.
Hurrengo urteetan, Gibsonek bere gitarrei itxura eta forma berriak ematen probatzen jarraitu zuen, bere produktuen kalitatea ziurtatuz, bai erabiltzen zuen egurrean, eta baita elektronikan ere. Hala ere, zuzendariek bazekiten enpresaren produktuek oso diseinu tradizionalak zeuzkatela. Hori dela eta, diseinatzaileak bertsio modernoagoak merkaturatzea saiatu ziren.
1958. urtean, Gibson Modernistic deituriko gama merkaturatu zuen. Sorta hau diseinu futurista zeukaten hiru gitarrez osatuta zegoen: Explorer, Flying V eta Moderne. Garai horretan, gama horrek porrot handia izan zuen. Baina 70. hamarkadan berriro merkatura atera zuten, eta arrakasta handia izan zuten. 1961. urtean, SG modeloa diseinatu zuten. Les Paul modeloaren eskaera eskasa ikusita, azkeneko hau merkatutik kendu zuten, baina 1968. urtean berriro merkaturatu zen.
1970. urtearen ostean, Gibson enpresa ospetsu egin zen bere instrumentuen diseinuei esker. Urte haietan, enpresa ugarik (adibidez, Tokai) Gibsonen instrumentuen erreplika oso zehatzak ziren produktuak fabrikatzen hasi ziren eta. Hori zela eta, Gibsonek mota horietako produktuak legez kanpo utzi zituzten demanda batzuk ezarri zituen. Hori ikusita, enpresak gama baxuagoko produktuak merkaturatzea erabaki zuen. Horrela, Gibsonek 1957. urtean Epiphone enpresa erosi zuen, haren aurkari indartsuenetarikoa. Gibsonek merkeagoak eta eskuragarriagoak ziren produktuak fabrikatzeko erabili zuen Epiphone.
Bestalde, Gibson marka oso ezaguna izan da haien gitarra elektrikoen diseinuengatik, baina beste instrumentu batzuk ere fabrikatzen ditu (baxuak, banjoak, etab.) eta baita osagarriak ere. Azken hauek beste marka batzuekin elkarlanean (Onkyo eta Cerwin Vega, adibidez).
Estiloa, filosofia eta ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1960ko hamarkadara arte, Gibson Brands enpresa nahiko lotuta egon zen hasierako diseinuekin. Azken finean, ekoiztutako lehenengo gitarratik Les Paul modeloaren sorkuntzara arte, 35 urte igaro ziren estilo bereko produktuak diseinatzen. Horren arrazoi nagusia da hasierako diseinuen estetika tradizionalari eutsita, produktuaren porrota saihestu egiten zutela. Horregatik, Les Paul gitarraren diseinuak gitarra akustiko tradizionalen itxura kurbatuaren antza du. Gainera, modelo horrek lortutako arrakasta ikusita, ez zuten produktuaren estetika guztiz berritzearen beharra ikusi, merkatuan gitarraren eskaria jaisten ez zen bitartean, behintzat. Dena den, kordazko instrumentu trinko eta elektriko baten kaleratzeak erronka bat izaten jarraitzen zuen.
Gitarra-sail desberdinak diseinatzeko orduan, modelo estandarren (aurretik sortu eta merkaturatutako gitarra-modeloak) forman orientatu egiten dira, eta hau enpresaren ezaugarri deigarrienetariko bat da. Produktuak birsortzen dituzten modelo estandarren gorputz, masta eta palaren estetikan oinarrituz. Ezaugarri hauek ez dira aldatzen, edo gutxi aldatzen dira. Enpresaren 100 urteetan, 10 bat modelo estandar sortu dituzte, gutxi gorabehera. Gibson gitarra bat produktu berritzaile bat bihurtzen duten bi ezaugarri daude, alde batetik, instrumentu beraren egokitzapena eta modernizazioa, eta bestetik, kalitatezko produktu bat bihurtu egiten duten teknologia berrien ezarpena.
Modu honetan, esan daiteke Gibson Brands enpresaren politika bi ezaugarrietan oinarritzen dela. Alde batetik, lan errepikakorrarentzako makineria zehatza. Eta beste alde batetik, kalifikazio handiko lan-talde ona. Ezaugarri horiek dira Fender bezalako beste gitarra-enpresen artean Gibson nabarmentzen dutenak.
Beste enpresekiko alderaketa: Fender
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurretik aipatu den bezala, Fender Musical Instrument Corporation gitarra elektrikoen industrian Gibsonek edukitako lehiakide handiena izan zen. 1940an sortutako konpainia honek gitarra solidoen lehendabiziko saila merkatura atera zuen, eta Gibson bezala, arrakasta handia lortu zuen. Gaur egun ere, konfiantza handiko markatzat hartzen da bere produktuek duten kalitateagatik. Dena den, ez da marka oso esanguratsua izan diseinuari dagokionez.
Diseinatzerako orduan kontutan hartutako oinarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bai Gibsonek, nola Fender-ek, lan handia egin behar izan zuten gaur egun gitarra elektrikoen salmentan aitzindariak izateko. Edozein diseinu-prozesutan bezala, enpresak hauek mota askotako analisiak aurrera eraman behar izan dituzte, batez ere merkatu- eta erabiltzaile-analisiak. Horri esker, erabiltzaileari produktua atsegina irudi diezaion diseinu-estrategia definitzea lortu dute. Are gehiago, oso garrantzitsua da ulertzea nola erantzungo duen erabiltzailea produktuaren aurrean. Izan ere, hori izan da bakoitzaren diseinuak sortzeko erabili duten gakoa.
Esate baterako, faktore neurologikoetan sartu gabe, Gibson eta Fender-ek erabili duten funtsezko oinarri bat instrumentuaren banaketa espaziala da. Azken finean, gitarra bat bere ardatz zentralarekiko simetrikoa baldin bada, askoz ere atseginagoa bihurtzen da estetikari dagokionez. Hori dela eta, bi enpresek diseinatutako produktu gehienak simetrikoak dira, edo behintzat, gitarraren elementu desberdinen artean oreka bat egotea lortzen dute.
Nahiz eta diseinua izan produktu batean erabiltzailea erakartzen duen lehendabiziko faktorea, materialen eta fabrikazio-prozesuaren kalitatea aipatu beharreko ezaugarria da. Gibson gitarra baten gorputza, normalean, kaobazko pieza bakarrez edo bi piezaz osatuta dago.
Modeloak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek dira estatubatuar enpresa historiko hau ospetsu bihurtu duten gitarra-modeloetariko batzuk:
- Gibson Les Paul
- Gibson SG
- Gibson EB-0
- Gibson EB-3
- Gibson EDS-1275
- Gibson ES-335
- Gibson Flying V
- Gibson Explorer
- Gibson Sonex
- Gibson Moderne
- Gibson Firebird
- Gibson Thunderbird
- Gibson Les Paul Ace Frehley
- Gibson Robot Guitar
- Gibson Box 1100
- Gibson Dark Fire
- Gibson Stormtrooper
- Gibson Fire Bird X
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gibson Guitar Corporation enpresaren web-orri ofiziala:
http://www.gibson.com (Azken kontsulta: 2016/06/16).
Fender Musical Instrument Corporation enpresaren web-orri ofiziala:
http://www.fender.com (Azken kontsulta: 2016/06/16).